Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lankidetza-Hitzarmenak

Enpresetan euskararen erabilera sustatzeko garrantzitsua da EAEko erakunde publikoen konpromisoa eta parte hartzea eta erakunde pribatuen lankidetza. Ezinbestekoa da esparru sozioekonomikoko eragile nagusiak bat egitea eta lankidetzan aritzea norabide berean indarrak batuz. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak akordioak sustatuko ditu erakunde pribatu zein publikoekin.         

Izan ere, alor sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioak aurrera egingo badu, enpresetan, lantokietan, saltokietan eta ostalaritzan ez ezik, alor horietako agenteengan ere eragin beharra dago.         

Horrela, lan-munduan aritzen diren ondorengo erakundeon eta elkarteon inplikazio eta parte hartze zuzena bultzatzeko, ahalbidetzeko eta antolatzeko urratsak eman ditu HPSk azken urteotan. Hona hemen orain arteko akordiorik esanguratsuenak:

Eusko Jaurlaritzak Euskal Entrepresarien Konfederakuntzarekin (CONFEBASK) eta EAEko hiru lurraldeetako enpresarien elkarteekin (ADEGI, CEBEK eta SEA) lankidetzako akordio-markoa sinatu zuten euskal enpresen alorrean euskararen erabilera sustatzeko.

CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA erakundeek, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ikuspuntuarekin bat eginik, enpresa-jardunean ere euskararen erabilera normaldu eta areagotzeko bideak urratu beharra zegoela ikusi zuten.

Euskal enpresek eta enpresariek aspaldidanik erakutsi dute beren gizartearekin konpromiso estua dutela, eta oraingoan ere, euskal gizarteak batera egin beharreko zeregin honetan ere parte hartzeko konpromisoa hartu dute, euskararen erabilera eguneroko bizimoduan areagotu dadin gizartean.

CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA, batetik, eta Eusko Jaurlaritza, bestetik, bat etorri ziren esaterakoan, euskara lan-eremuan pixkanaka sartzeko langintza horretan aurrera egitekotan, printzipio batzuk erabat errespetatzeko konpromisoa hartu behar dela, hau da, borondatezkoa izan behar duela, inor baztertu gabe, arian-arian egin behar dela, beti adostasuna lortuta eta lankidetzan jardunda.

Lan-ardatzak

  • Informazioaren eta ezagupenen berri ematea elkarri.
  • Aholku ematea, komunikazioa eta zerbitzu nahiz produktuak eskaintzea, enpresetako bakoitzak, hala nahi izanez gero, beretzako moduko euskara-plana izan dezan, betiere, bere errealitate soziolinguistikoa, bere ezaugarriak, bere beharrizanak eta bere borondatea errespetatuta.
  • Euskara-planak finantzatzea, banan-banan begiratuta: Eusko Jaurlaritzak, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, planak kofinantzatzeko lerro bat ireki eta gaituko du, euskara lan-eremuan erabiltzeko planak taiutu eta ezartze aldera.

Lankidetza Akordio Markoa

Eusko Jaurlaritzak eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek 2006ko irailaren 21ean izenpetu zuten Lankidetza Akordio Markoak euskara lan-munduan biziberritzea zuen xede. Hitzarmen hau urte bereko irailaren 6an Kultura Sailak eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA enpresaburuen elkarteek izenpetu zuten enpresa alorrean euskararen erabilera biziberritzeko hitzarmen markoaren ildotik zihoan.

Hitzarmen honen sinatzaileek enpresa-jardunean ere euskararen erabilera normaldu eta areagotzeko bideak urratu beharra zegoela ikusi zuten.

Sindikatuek aspaldidanik erakutsi dute ibilbide luze horretan beren gizartearekin konpromiso estua dutela, eta oraingoan ere, euskal gizarteak batera egin beharreko zeregin honetan ere aktiboki parte hartu nahi izan dute.

Hitzarmenaren bi aldeek adostasuna behar dela uste zuten, hizkuntzaren inguruko ohiturak eta joerak pixkanaka aldatzeko horixe delako onargarri den bide bakarra; nahitaezkoa da, beraz, prozesuan parte hartu behar dutenekin, hau da, enpresetako pertsonekin lortutako akordioa oinarritzat hartzea, era honetako proiektu batek guztion adostasuna eta ahalegina beharrezko dituelako.

Azkenik, bi aldeek lankidetzan jardun behar dutela uste dute, herri-aginteak eta alor sozioekonomikoa elkarren osagarri izatea oinarrizko abiaburua delako.

Lan-ardatzak

Eusko Jaurlaritzak eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hitzartu zuten euskara biziberritzeko hitzarmen markoak hiru lan-ildo nagusi jasotzen ditu:

  • Alde bakoitzaren lan-esparruan sortzen den informazio eta jakingarrien berri ematea elkarri.
  • Alor sozioekonomikoan, enpresetan, euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bidera ditzaten, aholku ematea, zerbitzuak nahiz produktuak eskaintzea eta komunikazio-bideak sortzea.
  • Euskara planak, banan-banan, finantzatzea.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta IMHk (Makina Erreminta Institutuak) lankidetza-protokoloa sinatu zuten alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko.

Protokoloaren helburu nagusia bi erakunde hauen ekintzen arteko osagarritasuna lantzea izan da, alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeari begira.

Ekimen hau Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilera lan munduan areagotzeko LanHitz egitasmoaren barruan kokatzen da, batetik, eta bestetik, Makina-Erremintaren Institutuak, 2003an, Goazen egitasmoa jarri zuen abian Ahize-AEKrekin elkarlanean, bai erakundean baita makina-erremintaren sektorean ere euskararen erabilerari bultzada emateko.

Beraz, sinatutako protokoloaren xede nagusia zen HPSk abian jarritako LanHitz programa eta IMHk martxan duen Goazen ekimena elkarren osagarri gertatzea.      Lankidetza-protokolo honek berebiziko garrantzia izan zuen, lortu zezakeen eragin biderkatzaileagatik. Izan ere, gaur egun euskara-planak abian dituzten enpresen artean, makina-erremintan dihardutenek osatzen dute multzo handienetako bat. Hortik, lankidetza protokoloaren garrantzia. Lan-ardatzak Akordioan jaso bezala, hainbat lan garatu dira elkarlanean, labur-labur:

  • 2006ko urriaren 26ko mintegia eta hurrengoak gauzatzea: 30+10 Mintegia. Makina-Erremintaren hornitzaile, fabrikatzaile eta erabiltzaileen erantzukizun soziala eta euskara. Baliabidea eta praktika onak.
  • Mintegi horretarako prestatuko diren ponentziak eta bestelako artikuluak zabaldu, internet bidez bereziki.
  • Goazen egitasmoaren baitan landutako glosategi terminologikoak eta bestelako terminologia-lanak normalizatu eta zabaldu.

Eusko Jaurlaritzak EAEko hiru lurraldeetako Aurrezki Kutxekin (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Caja Vital Kutxa) euskararen erabilera sustatzeko lankidetzarako hitzarmen-markoa sinatu zuen 2007ko martxoaren 28an.

Akordio hau sinatu zuten Aurrezki Kutxek, beren lurraldean sendo errotutako erakundeak diren aldetik, aspaldian agertu dute euskararen erabilera normalizatzeko konpromisoa. Hiru Aurrezki Kutxek berretsi egiten dute gizartearen arlo sozialean eta ekonomikoan euskararen erabilera arian-arian gehitzeko lanean Eusko Jaurlaritzarekin batera aktiboki inplikatzeko nahia, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa helburu.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, euskararen normalizazioan beharrezkoa eta onuragarria irizten dio euskararen presentzia eta erabilera areagotzeari esparru sozio-ekonomikoan, eta bereziki, finantza-munduan.

Horregatik guztiagatik, Aurrezki Kutxa sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak Kultura Sailaren bidez -Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza-, sinatu zuten lankidetza-marko orokorra arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko, bereziki erakunde horien jardun-eremuan. Hori horrela, eta beti ere LanHitz programaren barruan, honako lan-ardatzak garatu dituzte:

Lan-ardatzak

  • Informazioa eta ezagutza trukatzea.
  • Aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza.
  • Erakunde sinatzaileek elkarlanean egiten dituzten proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena.
  • Akordio espezifikoak gauzatzea Kutxekin, banaka hartuta.

Lankidetzako akordio markoa

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Eusko Jaurlaritzak, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, lankidetzarako esparru orokorra finkatzeko borondatea adierazi zuten, honako hauek garatu beharreko lan-ardatz hartuta:

  • Informazioaren eta ezagupenen berri ematea elkarri.
  • Aholku ematea, komunikazioa eta zerbitzu nahiz produktuak eskaintzea, kooperatiba eta kooperatiben erakunde bakoitzak beretzako moduko euskara-plana izan dezan, betiere, bere errealitate soziolinguistikoa, ezaugarriak, eta beharrizanak kontuan hartuz.
  • Euskara-planak finantzatzea, banan-banan begiratuta.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak EUSKALITen eskutik eta berarekin elkarlanean, betiere, gaur egun erabiltzen diren kalitate-parametroak oinarri hartuta, euskararen erabilera ebaluatzeko eta errekonozitzeko eskema diseinatu zuen. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardun dute kooperatibetan hori inplementatu eta garatzeko, aipatu eskemaren jarraipen eta hobekuntza prozesuan parte hartuz.

Lankidetzako hitzarmena 2007ko uztailaren 12an sinatu zen.

Eusko Jaurlaritzak eta hainbat telefonia operadore nahiz fabrikatzailek lankidetzarako bi hitzarmen marko sinatu zituzten 2007an, telefonia mugikorraren arloan euskararen erabilera sustatzeko.

Hauek dira hitzarmenak sinatu zituzten enpresak: Alcatel, Eroski, Euskaltel, Nokia, Orange, Samsung, Sony Ericsson, Telefónica, Vodafone eta Yoigo.

Hitzarmenetan aurreikusitako konpromisoak betetze aldera, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen telefonia mugikorraren arloan euskararen erabilera sustatzeko publizitate kanpaina, “Telefonoak badaki euskaraz. Anima zaitez!” lelopean. Horrekin batera, menuak euskaraz ere eskaintzen zituzten telefonoen zerrenda osatu zuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, telefonia-enpresek emandako informazioaren arabera. Hemen duzue zerrenda:

Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zuen 2016ko urtarrilaren 19an merkataritzako entitate hauekin: CARREFOUR NORTE SL, EL CORTE INGLÉS SA, EROSKI SKOOP., FNAC SA, FORUM SPORT SA, INDITEX SA, MEDIA MARKT SA, MERCADONA SA, UVESCO SA, ETA SUPERMERCADOS SABECO SA (SIMPLY).

 

Entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak borondatea adierazi zuten herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko; halaber, indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzen ahaleginduko dira bakoitzari dagozkion eremuetan. Horrela, entitate sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen zuten (bai ahozko bai idatzizko harremanetan).

 

Lankidetzako akordio markoa

 

Entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), beren borondatea adierazi zuten lankidetza-marko orokor baten bidez honako lan ardatz hauek garatzeko:

 

  • Informazioa eta ezagutza trukatzea, betiere indarreko legeriaren alorrean.
  • Aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza.
  • Sinatzaileek elkarlanean egiten dituzten proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena.

 

Hitzarmen honetan jasotako guztiaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Jarraipen Batzorde bat osatuko da. Bertan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariak izango dira, alde batetik, eta entitate sinatzaileen ordezkariak, bestetik.

Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuen 2015eko urriaren 14an ondorengo finantza-entitateekin: BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA, SA (BBVA), BANCO SANTANDER, BANKOA CRÉDIT AGRICOLE, CAIXABANK, CAJA RURAL DE NAVARRA, SCC, KUTXABANK, LABORAL KUTXA, POPULAR, ETA SABADELLGUIPUZCOANO.

Finantza entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak borondatea adierazi zuren herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko; halaber, indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzen ahaleginduko ziren bakoitzari dagozkion eremuetan. Finantza entitate sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu zuten (bai ahozko bai idatzizko harremanetan).

Lankidetzako akordio markoa

Finantza entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), beren borondatea adierazi zuten lankidetza-marko orokor baten bidez honako lan ardatz hauek garatzeko:

 

  • Informazioa eta ezagutza trukatzea, betiere indarreko legeriaren alorrean.
  • Aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza.
  • Sinatzaileek elkarlanean egiten dituzten proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena.

Hitzarmen honetan jasotako guztiaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Jarraipen Batzorde bat osatuko da. Bertan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkariak izango dira, alde batetik, eta finantza entitate sinatzaileen ordezkariak, bestetik.

2017ko abenduaren 19an lankidetza hitzarmena sinatu zen Eusko Jaurlaritzaren eta Asociación Española de Normalización (UNE) erakundearen artean izaera orokorreko UNE arauen euskarazko bertsioak garatzeko.

 

Hitzarmen honen helburua izaera orokorreko UNE arauak euskarara itzultzeko programa garatzea izan zen. Hitzarmena indarrean egon bitartean, itzuli beharreko arauen urteko plangintza egiteko konpromisoa hartu zen. Halaber, hitzarmen honen xede dira programan aurreikusitako arauen euskarazko bertsioaren argitalpen-, merkaturatze- eta banatze-prozesutik eratorritako ekintzak, eta arauen zabalkundea.

Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez, honako konpromiso hauek hartu zituen:

  • Hitzarmen honen helburu den programaren UNE arauen itzulpena eta eguneratzea egitea.
  • Teknikari aditu bat izendatzea lanen jarraipenaren eta emaitzen ebaluazioaren ardura hartuko duena.
  • UNE-ko arduradunei, urteko lehen hiruhilekoan, urteko programan sartu nahi diren arauen zerrenda aurkeztea.
  • Arauen euskarazko itzulpena UNE-ko arduradunei ematea, bertsio horren berdintasuna dagokion arauaren jatorrizko bertsioarekiko bermatuz.
  • UNE-k eskuratutako materialik ez erabiltzea, edozein formatutan dagoela, hitzarmen honen xede ez diren helburuetarako.
  • Eusko Jaurlaritzak hitzarmena indarrean dagoen bitartean urtero diru-partida bat aurreikusiko du aurrekontuetan arauen itzulpenak egiteko.

 

UNE-k bere aldetik, konpromiso hauek hartu zituen:

 

  • Gaztelaniazko UNE arauak formatu elektroniko editagarrian eskuratzea, eta hala badagokio, Europakoak edo nazioartekoak ingelesezko eta frantsesezko bertsioetan, eskuragarri badaude, hitzarmen honen xede den lan-programa burutze aldera.
  • Programa honen barruan itzuliko diren arauen euskarazko bertsioak zuzentzeko, maketatzeko, konposatzeko eta argitaratzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak jartzea.
  • Hitzarmen honen xede den programan jasotako arauen euskarazko bertsioak editatzea eta zabaltzea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren onarpena badute.

 

UNE da arauetatik eratorritako jabetza intelektualaren eskubide guztien titular bakarra, eta, edonola ere, baita arau horien itzulpenena ere. Hortaz, UNE arauen euskarazko bertsioen itzulpen-eskubideak UNE-renak dira bakarrik.

UNE-k euskaraz argitaratutako arauak merkaturatuko ditu paperezko euskarrian zein euskarri elektronikoan, web orriaren bidez eta banatzeko akordio duten banatzaileen bidez. Halaber, euskaraz argitaratuko diren arauen sustapena egiteko eskura dituen zabalkunderako baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu zuen.